Hautatutako 9 proiektuek agerian uzten dute Euskampusen patrono diren erakundeen ikertaldeen arteko osagarritasun maila; izan ere, erantzun bateratuak egitearen aldeko apustua egiten dute, gizarte erresilienteagoak lortzeko eta ozeanoen jasangarritasuna eta balorizazioa sustatzeko.
2021eko Euskampus Misioak 1.0 Programaren deialdian aurkeztutako proiektuen artean askotariko ekimenak daude. Hautatutako proiektuetako bi ekonomia zirkularraren arloko ZIRGUNE komunitateak sortu ditu. Gainera, arlo berarekin lotutako beste egitasmo batzuk daude. Ekonomia zirkularra alde batera utzita, proiektuek hartzen dituzten diziplinen artean, espektro zabal bat dago: adimen artifiziala, zibersegurtasuna, itsas inguruneko energia berriztagarriak, klima aldaketaren egokitzapena eta aukerak, batzuk aipatzearren.
Euskampus Misioak programak ikerketa, prestakuntza eta berrikuntza gaitasunen sare bat sortzeko sortu dira, misio eremu jakin batzuetan misio espezifikoak definitzeko. Horretarako, hainbat ekimen mota aktibatuko dira; horien artean Misioak 1.0 Programa.
Proiektuei finantzaketa emateaz gain, Euskampusek sare horrekin lan egingo du erronketan oinarritutako eta eragin potentziala maximizatzera bideratutako lan metodologia bat diseinatu eta abian jartzeko.
Misioak 1.0 proiektuetarako deialdi honen bidez, proiektu berritzaileak –bai ikerketa helburuaren ikuspegitik, bai metodologiaren eta diziplinarteko lanketa sistemikoaren ikuspegitik– aktibatu nahi ziren, gizarte erresilienteagoak eta ozeanoen jasangarritasuna eta balorizazioa sustatzeko helburuarekin.
Euskampusen kolaboratzen duten erakundeek 115.000 euroko funts bat erabili dute lankidetza sustatzeko, proiektu horiek garatzeko kofinantzaketa eskema baten bidez. Horietako askok beste finantzabide osagarri batzuk dituzte, eta guztiek beste programa batzuetatik (EAEkoak, Estatukoak eta Europakoak) funts gehiago lortzea dute helburu, planteatutako ikerketa ildoetan aurrera egiten jarraitzeko.